1968an, ermuko euskalzale talde batek arazo eta traba ugari gainditu ondoren Anaitasuna Ikastola txalupa uretaratu zuten. Ibilbide luze honetan txalupa honek hainbat ekaitz saihestu behar izan ditu, besteak beste, urteetan zehar eraikin ezberdinetan kokatuta eta sakabanatuta izatea, 1996. urtera arte. Urte honetan Anaitasuna Ikastola, gaur egun Ongarai auzoan dagoen eraikin publikoan kokatu zen. Aurretik, hainbat tokitan sakabanatuta izan zituen ikasle eta irakasleak, hala nola, plazako etxe handian, Salaberria etxean, Balerion, elizako lokaletan, San Inazion, Kanteran, Santa Anan eta azkenik Ongarain.
Hasieran Umea Ikastola izena jarri zioten, eta ondoren kooperatiba eraiki zutenean Anaitasuna Ikastola izena jarri zioten. Kooperatiba bezala funtzionatu zuen 1993. urtera arte. Urte honetan sare publikora pasatzeko erabakia hartu zen.
Urte guzti hauetan gure ikastetxeak tinko eutsi dio bere sorrera-helburuari: Ermuan euskara eta euskal kultura zabaltzea eta indartzea.